Euskal musika tradizionalean honako musika-tresna hauek aipatuko ditugu: xirula, txistua eta danbolina eta akordeoia. Mutxiko Elkarteko musikari talde polifazetikoek dantza ikuskizunak osatzen dituzte, tarteka, dantzatzen ez diren doinuak joaz, eta beste musika tresna batzuk entzuteko aukera eskeiniaz, esaterako alboka edo txalaparta.
Mutxiko Elkarteko musikariek jotzen dituzten musika-tresnen artean hauek aipatuko ditugu;
- TXIRULA
Xirula, Lapurdiko musika tradizionalean erabiltzen den tresna nagusia da. Soinu zorrotza duen txistuaren familiako moxo-xirula da, normalean ezpel egurrez egina.
Euskal musika tradizionaleko beste tresna batzuekin batera joaz, txaranga edo fanfarre bat osatu dezake. Tradizionalki, Mutxikoetan eta Zuberoako dantzetan, xirula beste musika tresnekin batera jo izan da, besteak beste, akordeoia, klarinetea, bonbardinoa, biolina eta beste perkusiozko tresna batzuekin.
Mutxiko Elkarteko musikariak Lapurdiko doinu bat jotzen, xirula, akordeoia, zeharkako txirula, bonbardinoa, danbolina eta atabalarekin
- TXISTUA ETA DANBOLINA
Txistua, hiru zulodun txirula zuzena da. Gaur egun bi motako txistuak daude: txistua eta silbotea, azken hau soinu larriagoa eta tamaina handiago duena. Txistua, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako dantza dohinuak jotzeko erabiltzen da. Gaur egun tonu desberdinetan jo daiteke, banda zein orkestra batera egokitzeko.
Txistuaren lagunik onena danbolina da, danbor txiki eta itxia. Danbolina ezker besoan zintzilik jartzen da. Txistua ezker eskuarekin jotzen da, danbolinari eskubikoarekin eragiten zaiolarik. Txistulari-banda bat gutxienez 4 musikariz osatua da: lehen txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabala.
Mutxiko Elkarteko txistulari-banda. Ezkerretik eskuinera, 3 txistu danbolinekin, silbotea eta atabala.
- AKORDEOIA
Akordeoia Euskal Herrian sartu zen XIX. mendearen bukaeran, beraz, esan dezakegu nahiko musika tresna berria dela euskal folklorean. Bere etorrera gertakari garrantzitsua izan zen, berehala izan bait zen onartua eta bertakotua. Kasu batzuetan aurretik erabiltzen zen trikitixa diatonikoa ordeztu zuen, eta orokorki, beste musika-tresna batzuekin batera jotzen hasi zen.
Gure kasuan, akordeoi kromatikoak erabiltzen ditugu, piano edo botoiekin. Dantza batzuetan, bere berezitasunagatik, akordeoia da jotzen den tresna bakarra, Irradakaren kasuan adibidez.
- ALBOKA
Alboka, aizezko artzain jatorriko musika tresna bat da, elkarrekin lotutako bi behi adarrekin egina dagoena. Oso soinu zorrotza sortzen du eta ondo jotzeko ahoa airez beteta eduki behar da denbora guztian. Albokak fita arrunt bat eta luzera berdineko bi zurtoin paralelo dauzka, batak hiru zulo eta besteak bost dituelarik. Arabiar jatorria duela uste da (izenak al- aurrizkia du) eta Bizkaian mantendu da gehien bat. Fandango, arin-arin eta kalejirak dantzatzeko jotzen da. Erromerietan jotzen den musika-tresna da, maiz panderoarekin batera.
- TXALAPARTA
Txalaparta, gutxienez 2 egurrezko oholez egina dagoen musika-tresna da. Bi txalapartarik jotzen dute, eta hauek lau makil erabiltzen dituzte (bi makil bakoitzak) oholak jotzeko, oinarrizko kolpe erritmo batzuk jarraituz. Oholak egiteko erabiltzen den egurra gaztainondoa, gereziondoa edo haltza izaten dira. Oholak eta euskarrien artean, arto ostoz edo beste materiale isolatzaile batez betetako zakuak jartzen dira, bibrazioa lortzeko.
Aintzina, txalaparta baserrien artean komunikatzeko erabili ohi zela uste da. Erritmo bat erabili ohi zen sagardoa prest zegoela adierazteko eta beste bat hileta baten berri emateko, adibidez. Gaur egun musika tresna bezela erabiltzen da.